








Allende Salazar eskola publikoan zein kirol eredu sustatu nahi dugun erabakitzeko asanblada izan genuen pasa den otsailaren 19an. Bertan, kirolak zein oinarri izan behar dituen eztabaidatu eta gure kirol proiektua finkatu genuen.
Proiektua definitzeko bi ataletan banatu genuen bilera; batetik, baloreak zehazteko lan-saioa, eta bestetik, gaitasunen araberako taldeak osatzeari buruzko eztabaida eta bozketa.
1. Atala: Baloreak finkatzen
Asanbladaren lehen atal honetan talde txikietan antolatu, eta kirolaren bidez bultzatu nahi ditugun baloreen gaineko hausnarketa eta eztabaida egin genuen. Ondoren, talde bakoitzean aipatutakoak partekatu, eta guztien artean gure eskolan kirolaren bidez sustatuko diren baloreak adostu genituen.
- Ohitura eta bizi osasungarriak sustatzea:
Kirola egiteak ohitura eta bizitza osasungarriak sustatzeaz gain, umeen autonomiaren garapena eta higiene pertsonalaren ardura indartzen ditu.
- Umeek ondo pasatzea bultzatzea:
Umeak bizitza osasuntsu batera hurbiltzeko kirolaz gozatu eta disfrutatzea funtsezkoa da. Horregatik, edozein kirol praktikatzearen helburu nagusia umeak dibertitzea izan behar da, ondo pasatzea.
- Gaitasun motor eta kognitibo orokorrak garatzea eta kirol trebetasunak hobetzea:
Gaitasun aniztasuna kontutan izanda, ume bakoitzaren gaitasun eta trebetasuna hobetzeko aukerak eskaintzea ume guztiei.
- Bizikidetza eta ezberdinen arteko elkartasuna sustatzea:
Kide guztiak errespetatu, eta ezberdinen arteko elkartasunak eta aniztasunak guztiok aberasten gaituela erakustea.
- Kirol gaitasun anitzak integratzea:
Ekipo berean gaitasun ezberdineko umeak izateak ekar dezakeen aberastasuna nabarmentzea, umeek errespetua eta dibertsitatea bezalako baloreak barneratzeko.
- Lankidetza, talde lana eta laguntasuna bultzatzea:
Taldeko ume guztiak integratu eta bata bestea kontutan izatea bultzatzea; taldearen helburuak lortzeko kide guztiak garrantzitsuak direla erakutsi. Honekin batera, eskuzabaltasuna eta laguntasuna sustatuz.
- Genero-berdintasuna sustatzea kirol jardueretan eta eskaintzan:
Pertsona guztiak eskubide eta aukera berdinak ditugunaren ideia barneratzea. Genero bereizketarik ez egitea proposatzen da, eta generoagatik umeak hautatutako kirolean parte hartzeko aukera ez galtzea.
- Errespetuan erakutsi eta sustatu:
Kirolak suposatzen duen guztia errespetatzen ikastea: arauak, ikaskideak, aurkariak, arbitroak, entrenatzaileak… Modu berean, material eta instalazioen zaintza eta ardura hartzen irakastea umeei.
- Euskara bultzatu. Kirol jarduerak euskaraz izango dira.
Kirol esparruan euskara sustatzea, eremu euskaldun batean praktikatzen dela bermatzea. Horrela, ume, entrenatzaile zein arbitroen arteko harreman eta komunikazioa euskaraz izango da.
- Lehiakortasun sanoa
Kirolak ezinbestean duen puntu lehiakorra kontutan hartuta, emaitzei lehentasunik eman gabe, lehiakortasun sano bat bultzatzearen alde egin da.
2. Atala: Gaitasunetan oinarritutako ekipoak sortzea
Baloreak finkatuta, saioaren bigarren zatiari ekin genion: gure eskolan umeen gaitasunetan oinarritutako ekipoak sortzearen gaineko eztabaidari, hain zuzen.
Eztabaida irekia izan zen, eta hainbat gurasoren iritziak entzuteko aukera izan genuen, aldekoak eta aurkakoak. Ikuspuntu ezberdinak partekatuta, umeak gaitasunen arabera banatzea aurreko atalean zehaztutako baloreekin bat ez datorrela ondorioztatu genuen.
Eztabaida bukatuta, bozketari egin genion. Bozketa hurrengo galderaren gainean egin zen:
Zer iritzi duzu Allende Salazar eskolan “errendimendu” taldeak izateari buruz?
Zer iritzi duzu kirol taldeak umeen gaitasunen arabera sortzeari edo gehiago entrenatu nahi izateari buruz sortzea?
Bozketaren emaitza:
- Bertaratuak: 56
- Aldekoak: 9
- Aurkakoak: 45
- Abstentzioak: 2
Beraz, adostasun zabalez erabaki zen aurrerantzean gure eskolan umeen gaitasunetan oinarritutako hautaketarik ez dela egingo.