EHIGE SOLICITA AL GOBIERNO VASCO QUE ATIENDA LAS NECESIDADES REALES DE LA ESCUELA PÚBLICA Y QUE NO DESVIE MÁS RECURSOS A LA RED CONCERTADAESKOLA PUBLIKOAREN BENETAKO BEHARREI ERANTZUN ETA SARE KONTZERTATURA BALIABIDE GEHIAGO EZ DESBIDERATZEA ESKATZEN DIO EHIGE-K EUSKO JAURLARITZARI

2014/1/15

Hezkuntza-sare kontzertatuaren finantziazioa birplanteatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak publikoki adierazitako borondatea dela-eta, sare publikoa lehenestea eskatzen dio EHIGEk Eusko Jaurlaritzari. Sare kontzertatura diru gehiago ez bideratzea eskatzen diogu sare publikoan murrizketak mantentzen diren bitartean. Diru publikoa eskola publikoarentzat: gain-finantzaketarik ez gutxien behar duten gizarteko sektoreentzat.

2009. urtetik murrizketa garrantzitsuak jasaten ari da eskola publikoa: irakasle/ikasle ratioaren igotzea eta irakasleen lan-baldintzen okerragotzea; ordezkapenak egiteko baldintzen gogortzea; egiturak hobetzeko eta eraikin berriak eraikitzeko baliabideen desagerpen praktikoa; ikastetxeen funtzionamendu gastuen fiskalizazioa; jantokiko kuoten igoera eskaera gehien dagoen momentuan; Testuliburuen kudeaketa solidarioaren luzamendua eta IGE eta Federazioen itolarria %30etik gorako murrizketekin diru-laguntzetan (oraindik ez dira kobratu 2013ko diru-laguntzak), besteak beste.

Bestalde, Eskola Ituna sinatu zenetik mantendu egin dira itunen moduluak, gela kontzertatuen kopurua handitu egin da eta Batxilergoaren itun osoa eman da.

Egoera honetan, Euskal Eskola Publikoko gurasook egonkortasuna galdu araziko duen mehatxu moduan hartzen dugu “sare kontzertatuarentzat finantzaketa eredu egonkorragoa” planteatzeak. Era berean, kezka sortzen digu Kristau Eskolan sortutako gatazka diru publiko gehiago emanez konpontzeak, honek murrizketa gehiago ekar ditzakeelako sare publikoan. Sare kontzertatuak autonomia osoa du finantzaketa eta kudeaketa arloetan erabakiak hartzeko, eta horien ondorioen arduradun izan behar du.

Estatu osoko itundutako sare portzentaia altuena dauka EAEk (Madrilen gainetik). EAE da sare kontzertatura diru gehien bideratzen duen erkidegoa Hezkuntza sailburuak dioen moduan “Estatu osoan hobekien finantzatutakoa da”. Europari begiratuz gero, argi ikusiko dugu oso atzean gaudela gai honetan, sare publikoaren bataz besteko portzentaia %80ean baitago.

Egoera honen aurrean zera eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari:

– Hezkuntza publikoarentzat finantzaketa-eredu espezifiko bat berma dezala, eta finantzaketa hori nahiko izan dadila ikastetxe publikoetan sortzen diren egiazko erronkei eta eskakizunei erantzuteko.

– Sare publikoaren benetako beharrei erantzun diezaiela sare kontzertatuaren finantziazioa berrikusi aurretik.

– Euskal Eskola Publikoarekiko konpromisoa berretsi dezala, guztion eta guztiontzako eskola, konpromiso honekiko adierazpen eta ekintzekin.

– Hezkuntza-sistemaren finantzaketaz Euskadiko Eskola Kontseiluak egiten dituen analisiei erantzun diezaiela.

Jarraitu gaitzazu sare sozialetan